jueves, 2 de junio de 2011

Horitu gabeko argazkiak

L arunbat arratsaldea Mantxako eremuko porlanezko patio batean gora eta behera eman omen zuen, lagunekin berbetan, bisita eguna izanda zer kontatua bazuten-eta. Arrebak praka berriak eraman zizkion; zertarako baina, hilabete bakan batzuen buruan kalean izango zen-eta. Kalean prakak jantziko ez balira bezala. Beharbada ez zuen kartzelan erabilitako arropak kalean janzteko asmorik. Giltzapean denbora luzea eman behar zuten lagunekin kaleko bizimoduaz-eta hitz egiteko eskubiderik ez balu bezala jarduten omen zuen. Lagun haiek egunero gogoan izango zituela adierazi besterik nahi ez balu bezala. Lagun haiek hura ondo jakingo ez balute bezala.
Ia hamar urte lehenago, Gasteizko Aberri Egun batean polizia bati iskin egiten agertu zen prentsako argazki batean. Iskin egin zion borradunari. Argazki hura dela-eta, Olinpiko esango zioten Bilboko lagunek. Geroztik, polizia-etxeko eta Soriako jipoiak, Puertoko urruntasuna eta bakartze ziegak, eta Herrerako gose grebak eta itxialdi luzeak ezagutu zituen.
Igande goizean Joseba Asensio Artaraz, Kirruli, ez zen ohetik jaiki, eta arratsaldean kartzela hartako lagun guztiak, taldeka, azken agurra egitera joan omen ziren haren gorpua jarri zuten korridorera. Olinpiko hankaluzea biriketako gutxiegitasunez hil zen azkenik, sei urte bakardadez, gosez eta xarabez hiltzen eman ondoren. Hogeita bat urte joan dira, gaur beteta, eta ematen du kartzelako hildakoen segidak egun triste hartan leku triste hartan gertatutakoa hurbiltzen duela. Izan ere, ez zen lehenengoa izan, ezta azkena ere. Joan den urtean bertan, ETAk su-etena iragarri baino zenbait egun lehenago, hil ziren Igor Angulo eta Roberto Sainz. Kirruli hil zenean umeak ziren biak.
Joxe Mari Sagardui, Jon Agirre, Jon Bilbao... inoiz su-etenik ezagutu ez dutenak, Herrerako kartzelan ziren 1986ko ekain hartan, kartzelan dira egun, eta horiek ere hurbilago gogorarazten digute egun hura. Iñaki de Juanak, ETAk su-etena hautsi eta berehala ziega laiotz batera itzulita, Bilboko kaleetan poliziak Joseba Asensioren zerraldoa inguratu eta oldartu zitzaizkioneko argazkia gogoan horitu gabe ikusarazi digu asteon.

Xabier Izaga
GARA

No hay comentarios:

Publicar un comentario